Zer da Ereindajan?

Hurbilekoak eta sozialki justuak diren kontsumo-ereduak garatu eta indartzeko proiektua da Ereindajan. Irabazi asmorik gabeko egitasmoa gara, eta Debagoiena da gure lan- eta eragin-eremua. Nekazal eredu agroekologikoa bultzatzen dihardugu, eta arnasa eman nahi diogu gure bailarari.

Proiektua lau oinarriren gainean ari gara eraikitzen:

BERTAKOA | Kontsumo eredu arduratsua praktikara eramanez, tokiko garapena bultzatzen dugu. Bailarako ekoizleak eta kalitatezko produktuak dira gure oinarria.

OSASUNGARRIA | Agroekologia ipar, gure gorputzak eta lurrak zaintzen ditugu. Gehigarririk gabeko eta sasoian sasoiko produktuekin egiten dugu lan.

JUSTUA | Ereindajaneko ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harremana justua da. Prezioak justuak dira ekoizleentzat, eta arrazoizkoak kontsumitzaileentzat.

KOOPERATIBOA | Proiektua kolektiboa da: erabiltzaileon artean pentsatu, eraiki eta erabakitzen dugu. Ekoizleek, kontsumitzaileek eta langileek hartzen dugu parte.

Oinarri hauek garatu eta praktikara eramateko, bertako elikagaien topaguneak kudeatzen ditugu Arrasaten eta Bergaran. 

Bide honetan, gure helburu berberak lortzeko lanean ari diren hainbat lagunekin egin dugu topo: Labore (Oarsoaldea, Bilbo eta Txingudi), Elikagunea (Azpeiti), Lakari (Zarautz), Bidazi (Bidasoaldea), Marisatsa (Durangaldea)Landare (Iruñerria), Bioalai (Gasteiz) eta askotariko kontsumo-taldeak eta ekoizleak. Bailaraz bailara, bide bera lantzen ari gara elkarlanean: kontsumitzen duguna gure inguruko lurrek eta eskuek emandakoa izatea nahi dugu, eta alderantziz. Uste dugu hori dela bizitza bizigarriak eraikitzeko bideetako bat.